-Arraioz Oronoz-Mugaire eta Irurita artean kokatutako herria dugu, Baztan ibaiak eta 3 aurkuko harrizko zubiak bereizten dituen Urrutia eta Mardea auzoek osatzen dute.
Kanpoaldetik hiru jauregi ikusten ahal dira: Jauregizahar (herria zeharkatzen duen errepidetik bertatik ikusten ahal da, ezkerretara), Bikuña (elizaren ondoan) eta Zubiria (ibaiaren ondoan).
Jauregizaharra, Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea. Erdi Aroko dorretxearen itxura dauka. Eraikinak, bao bikoitzak eta angeluzuzenak dituzten harrizko bi gorputzen gainean egurrezko eraikin interesgarria du bistara, ongi kontserbatu dena. Usategi karratua ere badu.
Zubiria jauregia. Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea. Erdi Arroko dorretxearen itxura dauka.
Bikuña jauregia. Nafarroako antzinako nobleziaren leinu-etxea. Hiruetatik antzinakoena da.
Arraiozen, elizaren ondoan, gaur egun laxoan jokatzeko dagoen plazarik ederrena dago. Bertan, gaur egunera arte bizirik iraun duen euskal pilotaren modalitaterik antzinakoenaz goza dezakegu.
Herriko eliza Jasokundearen Ama Birjinaren ohoretan eraiki zuten. Eraikin barrokoa da. Barnealdean, erretaula neoklasikoa du, eta hilobi-harlauzak atari arkupetuan. Lorategian elementu bitxiak ikus daitezke: disko-formako hilarriak.
Arraiozen, maiatzean, Erreginak eta saratsak besta ospatzen da. Bortz edo sei neskatila elkartu, eta urteko erregina hautatzen dute. Erregina hautatu berria lore-koroa batez edertzen dute, eta gainerako neskatikoek soinean zetazko banda bana eramaten dute. Horietako batek panderoa jotzen du, eta bertzeek, dirua eskatzeko, koplak abesten dituzte etxe nagusien aitzinean. Ohitura horrek antzezpen-erritual baten eskemari jarraitzen dio. Sarbide-errituaren ezaugarriak zenbait zuhaitz jakin aipatzea, eta itxuraz neskatilak horiekin identifikatzea dira. Zuhaitza lurraren eta, hedaduraz, emakumearen emankortasunarekin lotzen da.
-Baztan: Pirineoan kokaturik, Baztan harana Nafarroako Udalerririk zabalena da, 847 kilometro karratuko eremua hartzen duelarik.
Baso, belardi, baratze eta loreek estaltzen dute haran hau, kultura eta ohituretan aberatsa, sakonean barneratutako folklorea du, sukaldaritza izugarria eta beren herrietan arkitektura herritarra jauregiekin nahasten da.
Bertan 15 herri dira, hiriburua Elizondo eta antolakuntza administratiboa Batzar Orokorraren esku dago.
Baztango herriak, orohar, baratzez eta belardiz lotutako sakonuneetan eraikiak dira. Honek ehundaka baserriz jositako paisaia sortzen du. Klima kantauriarra da, bai negu zeinen udan gozoa.
-Bertizarana: Bertiz Bailara eta Bertizarana Nafarroako ipar-mendebaldeko zonalde honen bihotzean dago, baso naturalak, zabalenak gorde dituen Nafarroako kantauriar bailaretako bat.
Bertizko Jaurerria Natur Parkea: Binahiatik 3 minututara dago eta bertan munduko xoko guzietatik ekarritako zuhaitz eta landareak dira ikusgai.
-Maldaerreka:Doneztebeko haranak eta Basaburuak osatzen dute Malerreka izenenko zonaldea, ibaia eta erreka, hariztegi eta pagadien ugaritasunaz ezagutua.
Doneztebeko Bailarak, Leringo Bailara ere deitua, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Urrotz, Oitz, Donamaria eta Sunbilla herriak hartzen ditu. Basaburuak berriz, Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaien, historikoki Leringo edo Susoko Basaburua ere deitu izan zaio.
Haran honetan dago Leurtzako urtegia (Urrotz), baina Ituren eta Zubieta herriak, tradizioz betetako ihauteriengatik dira ezagunenak. Honetaz gain, Zubietako Errotak eta Donamariako Dorreak bisita gidatuak eskaitzen dituzte.
-Xareta: Mugan aukitzen diren Sara eta Ainhoa lapurtar herriek eta Urdazubi eta Zugarramurdi nafar herriek osatzen dute Xareta.
Sorginen legenda eta misterioak bizirik diraute Zugarramurdiko jendearen artean, gaur egun bisitariei sorginen bilerak eta akelarreak egiteko erabili zituzten kobazuloak erakusten dizkietelarik. Gaiaren arira, Sorgin museoan azaltzen da herriko eta inguruetako historia.
Urdazubin ere, etxe eta jauregi dotoreen herrian, milurteko eta harrigarriak diren Ikaburuko kobazuloak bisita daitezke, baita historian garrantzi handia izan duen monastegia eta herriko errota.
Sarako herriak ere, lezeak ditu, bertaratzeko, Zugarramurdi eta Sara lotzen dituen bidexenda xarmangarria oinez egite gomendatuko dizute bertako herritarrek.
Azkenik, Ainhoa, ikusi gabe utzi ez daiteken herria, karrika luze eta dotorekoa. Bertan ospatzen jarraitzen da Kapera eguna, kontrabando garaian, egun batez, mugak irekitzen ziren, egun berezia eta handia zen, mugaz bertzaldeko senideekin elkartzeko aukera izateaz gain, merkantzia ezberdinak legalki lortu ahal ziren.
-Bortziriak: Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera herriek Nafarroako Mendialdeko Bortziriak osatzen dute. Hiri maila historikoa duten bost herri dira. Mugarekiko hurbiltasuna eta XVI. eta XIX. mendeetan lehenengo tailer industrialak, olak izan zirenen agerpenak markatu dute beren izena.
Bortziri eskualdeak, industrializazioarekin batera nekazal eskualdea izateari utzi zion. Nafarroako iparraldeko industriarik gehiena zonalde honetan biltzen da. Mugarekiko hurbiltasuna zela medio, urtetan kontrabandoa zonaldearen ekonomiaren sostengu garrantzitsua izan zen.
Bost herri hauek Bidasoa ibaiaren bi bazterretan kokaturik daude eta bere paisaia, berde kolore indartsukoa, baserriz zipristinduta dago, belardi, iraztegi eta pinu, haritz, pago zein gaztainondoen basoen artean.

